XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Telefono erotikoa? -errepikatu zuen Iñigok, eta eskulanari utziz pentsakor geratu zen.

Andu eta biok beste horrenbeste egin genuen eta, egun hartako lehiaketa bertan behera utzita, telebista aurreko besaulkietan etzan ginen, ideia hura lasaiago mamurtzearren.

Hitz askoren beharrik gabe, hausnartu eta hausnartu, hirurok konbentzituz joan ginen.

Anduren ideia ez zen hain zoroa.

Azken baten, halako hots kitzikagarriak ate baten atzetik edo telefonoaren bestaldetik entzutea... Ez zegoen alde handirik, eragin berdintsua izan zezaketen.

Iñigo eta biok berehala berotu ginen eta ingeniariaren proiektuari itxura ematen hasi ginen: euskarazko lehenengo telefono erotikoa izango zen eta edozein bezeroren gustuko aldaerak eskainiko zituen.

Iñigo, baserri girokoa izanda animaliak imitatzeko berezko trebetasuna zeukala aprobetxatuz, animaliekiko sexua antzezteaz arduratuko zen.

Nik, etxean umetan ikusitako eszenak inspirazio gisa erabiliz, emakumezko sufrituentzako bortxakeriaren arloa hartuko nuen nire gain; sadomasokismoa, gehienbat.

Anduri etekina zelan atera ere berehala bururatu zitzaigun, baina konbentzitzea ez zen batere erraza izan.

Izan ere, proiektua sendotasunez gauzatzeko ezinbestekoa zen norbaitek gayentzako sexuaren ardura hartzea, arlo hartako eskaria oso handia izan zitekeela uste baikenuen.

-Neuri bururatu ideia eta neuk egin behar inork egin nahi ez duena? Ez nago ados! -kexatu zen.

Hala ere, losintxen poderioz, azkenean lortu genuen, proba gisa behintzat, berak hartzea ardura hura.